Esku bateko atzamarrak adiskide handiak
ziren, baina eskuaren jabea lan arriskutsua egiten hasi zen eta, kontuz ibili
arren, atzamar lodia gaizki samar ateratzen zen, ebakiak eta zauriak jasan
behar izaten baitzituen. Hasieran, beste atzamarrek barkamena eskatzen zioten,
behar besteko kontuarekin ez zebiltzalako. Atzamar loditxoak barkatzen zien;
baina gauza berbera hainbestetan gertatu zenez, atzamar lodia nekatu egin zen
eta gehiagotan ez barkatzea erabaki zuen. Hortaz, eskuko beste atzamarretatik
aldendu egin zen.
Hasieran atzamar lodia zuzen, tente eta
artez joaten zen, beste atzamarretatik urruntxo eta aldenduta. Baina itxura edo
jarrera hura behartua zen, gogorra, barregarria eta jabea eskua beti poltsikoan
sartuta eramaten hasi zen. Han barruan atzamarrek iluntasunean eta ezinikusian
bizi behar zuten eta.
Orduan atzamar lodia dena bere erruz
gertatu zela konturatu zen eta beste atzamarrei barkatzeko eskatu zien,
beldurrez eskatu ere, ezetz esango ziotelakoan. Atzamarrek, ordea, berehala
barkatu zioten, denok huts egin dezakegula ondotxo baitzekiten.
Behin adiskidetu ondoren, atzamar
guztiak, denak batera, jabeari ondo zeudela eta lana ondo egiten zutela
erakusten ahalegindu ziren… eta laster argitara irtetea lortu zuten. Ikasia
zuten beti barkatu beharko ziotela elkarri, jabeak poltsiko triste eta ilunean
zokoratzerik nahi ez bazuten.
Gogoetarako galderak:
·
Jainkoak
beti barkatzen digu… DENA eta DENOI. Zuk asko ala gutxi barkatzen duzu?
Kostatzen zaizu barkatzea? Zergatik?
·
Inoiz,
ondo ez dagoen gauzaren bat egiten duzunean, eskatzen duzu barkamenik?
·
Zer
nota jarriko zenieke zure ikaskideei barkatzeko gaitasunari dagokionez?
No hay comentarios:
Publicar un comentario