domingo, 30 de octubre de 2016

Elkartasunari eskuak luzatu

Gogoeta: ELKARTASUNARI ESKUAK LUZATU.

   Aurtengo leloa behin eta berriro errepikatu dizuegu eta dagoeneko uste dugu ondo dakizuela: Eskuak luzatu. Eta Maria Haurraren astean hau modu sakonago batean lantzea gustatuko litzaiguke. Horregatik ospakizun honetan bi gauza interesgarri nahastea eta elkartzea gustatuko litzaiguke: eskua luzatzea eta solidaritatea alegia.

   Eskolan urtero solidaritateari eta elkartasunari tartetxo bat ematen diogu, mundu honetan ez baikaude bakarrik eta gu baino egoera txarrean daudenak daudelako.  Horregatik aste honetan zehar hainbestetan entzun dugun solidaritatea jorratuko dugu. Imajinatzen al duzu munduan guztiok bat egiteko gai garela.

   Gogoratzen al duzue zein den Kongon laguntzen ari ginen proiektuaren izena? Ospitale batekin lotuta zegoena? Bai!!! KYONDO proiektua. Bada, aurten Kongoko iparraldean, Kivu aldean, jarraituko dugu MULO izeneko proiektuan: guda jasan duten haur eta gaztetxoen eskolatzea ahalbidetuz.

     Bestalde, dakizuen bezala bai Mariak eta baita Santa Juanak ere, gure ingurukoekin eskua luzatzen erakutsi ziguten. Beraz, aste honetan Mariaren ontasuna gogoratzen ari garenez, inoiz baino solidarioagoak izatera gonbidatzen zaituztegu. Horregatik, solidaritatea ahaztu gabe, Irun eta inguruko herrietako biztanle behartsuak ere lagunduko ditugu. Lehengo urtean egin genuen bezala, elikadura bilketa bat egingo dugu Caritas-era bidaltzeko.

Beraz, prest al gaude benetan solidarioa izateko eta elkarbanatzeko zure eskua luzatuz?
Izan gaitezen eskuzabalak Maria Haurrak erakutsi zigun moduan!!!


ESKUA LUZATU dezagun beharrean dauden lagunei!!!




domingo, 23 de octubre de 2016

Adiskidetasuna

Dinamika: Adiskidetasunaren inguruan leloak asmatu!!!


   Asmatu leloak adiskidetasunari buruz (bideoan ikusitakoak erabili daitezke) eta pasiloeatik jarri.



viernes, 21 de octubre de 2016

DOMUND eguna



Igande honetan DOMUND eguna ospatuko da mundu osoan.

Baina zergatik igande honetan? 1926. urtean, Pio XI-k erabaki zuen urriko azkenaurreko igandea misioen aldeko igandea izendatzea. Festa hau mundu mailakoa da. Espainian DOMUND bezala ezagutzen da (DOmingo MUNDial).

domingo, 9 de octubre de 2016

ARDO-UPELA

Ipuina: ARDO-UPELA

    Egun batean festa handia antolatu zen herrian. Dena gertaera handirako prest zegoen. Herriko plazan upel handi bat egin zuten bertan ardoa sartzeko. Herriko guztiek botila bat ardo eramango zutela erabaki zuten. Upelera isuri ondoren, festarako ardo ugari izango zuten.

   Gaua iristear zegoen, eta Joanek, plazarantz abiatzeko ordua ere laster izango zela ohartuta, bere botila hartu zuen, etxeko upeleko ardoaz betetzeko. Baina, bat-batean, hara zer bururatu zitzaion: “Ni oso behartsua naiz, eta niretzat sakrifizio handia da etxean dagoen ardo gutxia eramatea. Zergatik eraman behar dut besteak bezala? Gauza bat egingo dut: urez beteko dut nire botila eta, plazara iristen naizenean, upelera isuriko. Denek ikusiko dute botila beterik eraman dudala, baina ez dut etxeko ardo-upela hustuko. Dena den, asko gara, eta nire ur gutxia besteen ardoarekin nahasiko da; hortaz, inor ez da konturatuko”.

   Hala egin zuen. Gaua iritsi zenean, auzoko guztien aurrean botila plazako upelean hustu zuen. Inork ez zuen ezer susmatu. Herriko guztiek egin zuten beren ekarpena plazako upel handia betetzeko.
   Festa, musika eta dantza hasi ziren. Eta ardoa ateratzeko ordua iritsi zenean…. huraxe ustekabea!!! Upelaren kanila ireki zuten eta… ur garbi-garbia atera zen. Nork pentsatuko zuen Joani bururatutakoa herriko beste guztiei ere bururatzea? Hala, herritar guztiak, lotsaz eta burumakur, etxera joan ziren. Festa bat-batean bukatu zen.


GOGOETARAKO galderak:

·         Galdetu diozu inoiz zure buruari gizakiak zer nahi duen eta zer bilatzen duen? 
·         Denok nahi dugu zoriontsu izan, eta uste dugu zoriontasuna gauza gehiago edukitzean, dibertsioan, arrakastan, ospean, erosotasunean,… aurkituko dugula. Zeintzuk dira zoriontasunera eramaten gaituzten bideak? Bide onetik zoazela uste duzu?

·         Adiskidetasuna inportentea da bide honetatik joateko? 


domingo, 2 de octubre de 2016

ADISKIDETASUNARI eskuak luzatu!!!

Gogoeta: ADISKIDETASUNARI eskuak luzatu!!!

   Egun on guztioi!!! Gaur gauza bat kontatu nahi dizuet… Imajina ezazue zuen klase osoa, neska-mutil guztiak ikasten, jolasten, kirola egiten... eta dena elkarrekin egiten duzuela. Eta gainera, pintura, errotuladore, bolaluma asko dituzue… denok dituzuen gauzekin ia ia denda bat egin genezake.

 Tira, orain pentsa dezala zuetariko bakoitzak bere lagunik onenarengan, ezer esan gabe.  Zer duzue nahiago arkatz bat edo bolaluma bat eduki ala zuen lagunarekin egon? Ziur nago denok nahi dugula lagunarekin egon edo hitz egin, ezta?

   Beraz, kontuan izan behar dugu daukagun onena ez dela bideojokoetako kontsola bat, baloi bat edo futbolean aritzeko zapatila-parea. Geu gara onena, gure burua… Eman diezaiegun gure denbora besteei, lagunei, gurasoei, irakasleei… ez baitago gauza hoberik.

Gogora ezazu: ESKUAK  LUZATU ADISKIDETASUNARI!