domingo, 18 de septiembre de 2016

Dinamika: ESKUEN ZUHAITZA

   Ikasturte bakoitzaren hasieran bezala, gure leloa aurkezteko dinamika bat egitea proposatzen dizuegu. Eta oraingoan, pastoraltzako taldeak aukeratu dugu irudia denen artean osatzea izango da. horregatik gela bakoitzeko esku luze baten silueta emango zaizue pasilloan zuhaitzaren enbor moduan itsasteko.

    Gero ikasle bakoitzari esku baten silueta txikia emango diogu. Hauek moztu eta honen barruan idatzi beharko dute ikasturte honetan zehar zertan lagundu dezaketen. Txikienei adibide batzuk ematea komeni da lana errazteko asmoz.

   LH1 eta LH2n egin daitekeena da, enborraren barruan gelako konpromiso bat idatzi, eta eskuen barruan bakarrik ikasle bakoitzaren izena idatzi eta apaindu.


   Bukatzerakoan, eskuak “enborraren” inguruan itsatsiko ditugu pasiloetan zuhaitzak sortuz.



domingo, 11 de septiembre de 2016

ISPILUAREN ISLADA

   Bazen behin oso aberatsa zen mutikoa. Etxe erraldoi batean bizi zen aberastasunez inguratua. Dendetan aurkitu daitezkeen jostailu guztiak zituen, baita igerileku handi bat eta futbol zelai bat ere. Hala ere askotan aspertzen zen, dagoeneko gauza pilo bat ezagutzen zituelako. Jada, bakarrik bitxikeriek pizten zuten bere arreta. Eta horietako bat ispilu miresgarri batekin gertatu zitzaion.

   Behin, ekialdeko herri urrun bateko azokan zebiltzala, urrezko markoa zuen ispilu handi bat ikusi zuen. Mutikoak bazekien berezia zela, baina ez zekien zergatik. Orduan bere gurasoei ispilua erostea eskatu zien, eta hauek nola ez, erosi zioten. Etxera bueltatu zirenean, mutikoak ispilua bere gelan kokatu zuen apaingarri gisa. Eta bertara begiratzen zuenean, bere isladarekin egiten zuen topo. Baina zerbait arraroa zegoen bertan; bere aurpegia triste ikusten zuen.

   Irudi hau batere gustatzen ez zitzaionez, txorakeriak egiten hasi zen eta bere irribarrea bortxatzen. Baina islada triste izaten jarraitu zuen. Txorakeriak egiteaz asperturik eta apur bat haserre, kalera irtetea erabaki zuen; jostailu berriren bat erostean, bere burua animatzeko asmoz.

   Kaletik zihoala haur txiki bat negarrez zotinka aurkitu zuen. Hau ikusita berarengana hurbildu zen zer gertatzen zitzaion galdetzeko. Txikitxoak bere gurasoak galduak zituela erantzun zion. Hau entzundakoan hunkiturik gelditu zen eta haurra lagundu zuen. Bere gurasoen bila joan ziren biak elkarrekin. Parke inguruan zebiltzala, goxoki batzuk erostea pentsatu zuen umea animatzeko. Eta egia esateko, funtzionatu zuen.

   Buelta batzuk eman eta gero, umearen familia aurkitu zuten; eta azkenean denak zoriontsu bukatu zuten. Gure mutila bakarrik geratu zenean, konturatu zen oso berandu zela eta jostailu denda itxita egongo zela, horregatik etxera itzultzea erabaki zuen. Eta harantz abiatu zen jostailu berririk gabe eta baita dirurik gabe, gozokietan gastatu baitzuen.

   Bere gelan sartzean zerbait berezia gertatu zen. Izkin batean baztertu zuen ispiluak distira berezi bat zuen. Orduan mutila gerturatu zen eta bere islada aldatu zela ohartu zen. Oraingoan irribarretsu agertzen zen eta honek logela guztia argitasunez betetzen zuen.

   Une horretan konturatu zen ispilu horrek bere jabea benetan zoriontsu egiten zuenak pizten zuela. Beraz, hainbeste urte eta gero konturatu zen benetan zoriontsu egiten ziona, besteak laguntzea zela.

   Beraz, egun horretatik aurrera egunero ohetik jaikitzean ispiluan begiratzen da, eta honek distira egiten ez badu, badaki zer egin behar duen….. bere inguruko norbaiti lagundu!




Gogoetarako galerak:

-          Ispilua zurea izango balitz, noiz egingo luke distira?

-          Zer da zuri benetan zoriontsu egiten zaituena?

-          Nola sentitzen zara besteak laguntzen dituzunean?

-          Zertan lagundu dezakezu inguruan dituzun pertsonak?